Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak eta Bitxos Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute, katuen kolonien kudeaketa etikoa egiteko CER metodoaren bidez

  • Lau urterako baina luzatu daitekeen akordio honen helburua da udalerriko katu koloniak modu etikoan kontrolatzea, horretan aditua den elkarte baten lankidetzarekin. 

Bermeoko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu du Bitxos elkartearekin, animalien eta ingurumenaren babeserako lanean diharduen elkartearekin, udalerriko katu kolonien kudeaketa etikoa eta jasangarria ezartzeko helburuarekin. Ekimen hau CER (Harrapaketa, Esterilizazioa eta Itzulera) metodoaren bidez gauzatuko da, izan ere, sistema hau kale-katuen populazioa modu eraginkorrean kontrolatzeko nazioartean aitortutako teknika baita. 

Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du hasieran, eta beste lau urtez luzatu ahal izango da. Udalak urtero 10.000 euroko aurrekontu-partida bideratuko du, jarduera horietatik eratorritako albaitaritza-gastuak eta beharrezko materialak estaltzeko. 

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak animalien ongizatea eta herritarren arteko bizikidetza babesteko urrats garrantzitsutzat jo du akordioa: “Animalien ongizatea ere bizi-kalitatearen adierazle da udalerri batean. Hitzarmen honekin, katuen kolonien kudeaketa etiko, arduratsu eta koordinatuaren aldeko apustua egiten dugu, Bitxos bezalako esperientzia duen elkarte baten eskutik. Akordio hau aurrerapauso nabarmena da animalien eta pertsonen arteko elkarbizitza harmonikoan, eta erakusten du udalak konpromiso sendoa duela animalien babesarekin eta ingurumenarekin”. 

Akordio honen bidez, Bitxos Elkarteak CER metodoa ezarriko du udalerrian aurrez identifikatutako katuen kolonietan. Katuak estresik gabeko teknikak erabiliz hartuko dira, baimendutako albaitaritza-kliniketan esterilizatuko dira, eta osasunak ahalbidetzen badu, 24 orduko epean itzuliko dira jatorrizko koloniara. Izaera soziala duten katuen eta haien kumeen adopzioa ere sustatuko da, adopzio-kontratu bidez, mikrotxip bidez identifikatuta eta dagokion erregistroan inskribatuta. 

Elkarteak kolonien jarraipena egingo du, adostutako katuen kolonien errolda bat eta koloniak eratzen dituzten banakoak identifikatzeko fitxak osatuko ditu, boluntarioak formatuko ditu, eta elikadura, hidratazio eta garbitasun egokiak ezarriko ditu, leku diskretuetan jarriko diren elikadura- eta babeslekuen bidez. Jardueren garbiketa eta urteko jarduera-memoria egitea ere bere ardura izango da. 

Bestalde, Bermeoko Udalak katuak esterilizatzeko, txertatzeko, parasitoak kentzeko eta identifikatzeko behar diren albaitaritza-zerbitzuetara sartzeko aukera emango du, eta Bitxos Elkarteari bere eginkizunak betetzeko behar dituen baliabide materialak emango dizkio, hala nola, boluntarioen identifikazio-txartelak, animaliak harrapatu eta garraiatzeko tresnak, eta horiek babesteko babesleku egokiak. Laster, gainera, bi aldeen artean adostutako lekuetan edukiontziak jarriko dira, katuen jantoki moduan ahalbidetzeko. 

Bi aldeek elkarrekin lan egingo dute herritarren eta animalien arteko errespetuzko bizikidetza bultzatzeko, baita ingurumenaren eta jabetza arduratsuaren inguruko kontzientziazio-kanpainetan ere. “Eskerrik asko Bitxos elkarteari orain arte borondatez eta konpromisoz egin duen lanagatik. Hitzarmen honekin ahalegin hori erakunde honen babesarekin indartzen dugu, eta urrats bat gehiago ematen dugu Bermeo etikoagoa, sentikorragoa eta animaliekiko eta ingurunearekiko begirunetsuagoa izan dadin”, esan du Bermeoko alkateak

28 / 07 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0