Albistea
Domekan, maiatzaren 25ean, Bermeoko ikasleek hitzordu berezia izango dute kirolaren bueltan; izan ere, Atletismoko Haur Olinpiadak ospatuko dira beste behin, Bermeoko Udalak eta Taraska Atletismo Taldeak elkarlanean antolatuta. Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako jarduera honek helburu bikoitza du: umeek atletismoaren oinarrizko proba ezberdinak ezagutzea eta, batez ere, lagun artean kirola egiteaz gozatzea.
Ekitaldia goizeko 10:00etan abiatuko da Artza frontoian, eta 12:00ak arte hainbat proba egin beharko dituzte parte-hartzaileek. Aurten, luzera jauziaren ordez, altuera jauzia egingo da, eta ez dira faltako vortex jaurtiketa, oztopo lasterketak eta abiadura probak.
Iaz, 135 umek parte hartu zuten Atletismoko Haur Olinpiadetan, eta aurten ere antzeko parte hartzea izatea espero da. Parte hartu gure duten ikasleek eskoletan eman behar dute izena, eta biharkoa da horretarako azken eguna. Izena ematen duen ume bakoitzak eskolan bertan jasoko du domekarako dortsala. Bermeoko Udaletik, neska-mutil guztiak animatu gura ditugu kirol jardunaldi honetan parte hartzera.