Albistea
Gorefest jaialdiak 25 urte betetzen ditu aurten, eta sinbolismoz eta memoriaz betetako edizio berezi batekin ospatuko du. Barikuan, uztailaren 11n, ospatuko da Nestor Basterretxea aretoan, eta umeentzako jarduerak, proiekzio bereziak, kale-antzerkia eta jatorrizko soinu-banda bat bilduko ditu. Horrez gain, bere unearen zain urteak zeramatzan istorio bat bilduko du jaialdiak. Aurten, urteurren berezi honetan, kalean amaituko da Gorefest jaialdia Deabru Beltzak taldearen kalejirarekin.
“2020. urtean 20. urteurrena ospatzeko ideia oso indartsu bat genuen: freak zirku bat eta apokalipsia uztartzen zituen istorio bat. Mundu amaiera baten antzerako zerbait zen, pandemia baten etorrerarekin. Bat-batean, COVID heldu zen... eta gure fikzio zoroa, benetakoa bihurtu zen”, dio Iñigo Achak, Spookypheria Productions elkarteko kideak.
“Ez genuen egokitzat jo 20. urteurren hori, 2021ean edo 2022an ospatzea. Material guztia gorde genuen —argazkiak, bideoak, pertsonaiak— eta orain arte itxaron dugu. Urte hauetan guztietan, istorio horretako pasarte txikiak eskaintzen joan gara, eta orain, azkenik, forma osoa hartuko du 25. Urteurren honetan. Ziklo bat zarratzen dugula sentitzen dugu”, aipatu du Achak.
Urteurren honetako proposamen estetiko eta narratiboa zirkuaren, bazterkeriaren eta gizarte kolapsoaren inguruan eraikitzen da, Gorefestaren ohiko tonua errespetatuta: ikus-entzunezko elementu indartsuak eta izaera zinematografiko, barregarri eta performatiboa. “Gure ekitaldiak bisualki indartsuak dira, baina aldi berean terapia kolektibo moduko bat dira: hondamendiaz barre egiten dugu artearen eta irudimenaren bidez”, azaldu du Achak.
Egitarau berezia
25. urteurrenaren programazioa arratsaldean hasi eta gauerdira arte luzatuko da:
Sarrera 6 € izango da eta egun berean erosi ahalko dira Nestor Basterretxea aretoaren kanpoaldean.
Urteurren honetako ezusteko handienetako bat izan da Elizabeltz Bermeoko shock rock taldearekin elkarlanean aritzea. Bermeotarrek 25 Years of Blood abesti originala sortu dute urteurrenerako. Bideoklipa eskuragarri dago jada YouTuben, eta, gainera, CD bat oparituko da sarrera bakoitzarekin.
Bermeoko Udaletik ere ekimenaren garrantzia azpimarratu gura izan da. Hala, Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak adierazi du Gorefest jaialdiak hasieratik ekarri duela Bermeoko kultura agendarako desberdina eta apurtzailea den ekimen bat: “25 urtez bere esentzia mantendu du freskotasuna galdu gabe. Spookypheriako kideei eskerrak eman nahi dizkiegu urte hauetan guztietan egindako lan, sormen eta konpromisoagatik”.
Gorefest ez da jaialdi bat bakarrik, adierazteko modu berezi bat da; belaunaldi desberdinak konektatzen ditu ilunarekin, alternatiboarekin eta dibertimenduarekin. Barikuan, Bermeo berriro odolez, musikaz eta suz beteko da. Eta, urtero bezala, jaialdiak ez du inor axolagabe utziko.