Albistea
Bermeoko Udalak eltxo tigrearen (Aedes albopictus) aurkako sentsibilizazio kanpaina abiatu du, espezie inbaditzaile horren hedapena saihesteko helburuarekin. Udalak uste du herritarren laguntza “ezinbestekoa” dela izurrite hau geldiarazteko, eta prebentzio-neurriak gogorarazi gura ditu.
Eltxo tigrea Asiako hego-ekialdekoa da jatorriz, eta azken urteotan mundu osora hedatu da. Euskal Herrian, 2013tik kontrolpean dago Osasun Sailak, NEIKERek eta udalerriek elkarlanean garatzen duten zaintza-programaren bidez. Gaur egun arte, 70 udalerritan atzeman da, tartean, Bermeon.
Tamaina txikiko eltxoa da (5 mm ingurukoa), eta buruan eta toraxean dituen marka zuriek bereizten dute. Ziztadak mingarriak izan daitezke eta erreakzio handiak sor ditzakete pertsona batzuetan.
Bermeoko Udala duela urte batzuk hasi zen eltxo tigrearen aurkako prebentzio-neurriak hartzen, batez ere, zerbitzu sailean (kale garbiketa, obrak…). Aurten, neurri horiei sentsibilizazio kanpaina gehitu gura izan zaie.
Sentsibilizazio kanpainaren baitan, gutun bana bidali zaie herriko enpresa eta erakunde handiei, eltxoaren inguruko informazioarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta NEIKERen triptikoarekin. Hauei eskatzen zaie bere instalazioetan prebentzio-neurriak ezartzea.
Horrez gain, landa-auzoetako alkateei informazioa helarazi zaie, auzotarren artean informazioa zabaltzeko helburuarekin.
Hala eta guztiz ere, herritar guztien laguntza behar da, etxeetan eta lorategietan ur pilaketak saihestea funtsezkoa baita eltxoaren ugalketa eragozteko; izan ere, prebentzio-neurriak denon esku daude. Hurrengo hauek dira Eusko Jaurlaritzak ematen dituen gomendioak:
· Kainu-zuloak, estoldak eta teilatu-hodiak drainatuta mantentzea.
· Ur iraunkorra biltzen diren zuloak estaltzea.
· Ontziak (platerak, baldeak, jostailuak, igerileku txikiak...) astean bi aldiz hustea.
· Animalien edontziak 2-3 egunez behin garbitu eta berritu.
· Leiho, ontzi eta deposituetan eltxo-sareak erabiltzea.
Aurtengo kanpainaren barruan, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta NEIKERek arreta berezia jarri dute baratzeetan eta hilerrietan, eta kartel espezifikoak jarriko dira ingurune horietan prebentzioa indartzeko.
Ziztada baten aurrean zer?
Eltxo tigrearen ziztadak handiak eta mingarriak izan daitezke. Horrelako egoera baten aurrean zer egin?
· Garbitu eremua urarekin eta xaboiarekin.
· Jarri hotza hantura arintzeko.
· Ez hazkatu, infekzioa saihesteko.
Sintomak larriak badira (arnasa hartzeko zailtasuna edo erreakzio handia), osasun-profesionalarengana jotzea gomendatzen da.
Bermeoko Udalak herritarrak gonbidatzen ditu prebentzio-neurri erraz hauek euren egunerokoan txertatzera. “Etxeko ur pilaketak saihestuta, eltxo tigrearen hedapena geldiarazten lagundu dezakegu”, adierazi dute Ingurumen saileko arduradunek.