Albisteak

Albistea

Bermeok Palestinaren aldeko elkartasun mezua zabalduko du itsaso zein lurretik, Madalen Egunean

  • Teilak ‘Bermeotik Gazara’ mezua eroango du, Palestinako banderarekin batera.
  • Madalen Eguna girotzeko, Alde Zaharreko jaiak ospatuko dira; Kabidxeren 10. urteurreneko ospakizunekin hasiko dituzte jaiak.
  • Baztarre ere, jai giroan murgilduko da Madalen Bezperan, egun osoko egitarauarekin. 

Bermeotarrentzako hain “garrantzitsua” den Madalen Egunerako atzera kontua hasi da. Jai giroz beteta dagoen eguna bada ere, protokoloz jositakoa ere bada, eta hortaz, aurten ere, tradizioak eta festa giroak bat egingo dute Izaro uhartea protagonista duen Madalen Egunean. 

Bermeoko Udalak antzinatik egin ohi duenez, aurten ere, Izaro uhartearen ipar-ekialderantz dauden mugak adieraziko ditu. Horretarako, betiko moduan, alkateak teila botako du honakoa esanez: “Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak

Urtez urte, alkateak itsasora botatzen duen teilak sinbologia berezia izaten du, eta aurtengoa ere “oso berezia” izango. Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak azaldu du aurtengo teilak Bermeotik Gazara mezua idatzita eroango duela, Palestinako banderarekin batera. Euskal Herriko herri batzuetan hasitako Palestinaren aldeko keinu eta aldarrikapenekin bat egitea erabaki du Bermeoko Udalak, Madalen Egunean, itsasoarekin hain lotuta dagoen egun honetan. Hartara, Palestinaren aldeko olatua hartuko du Bermeok. “Aukera paregabea da herritarren sentimendua erakusteko eta palestinar herriak bizi duen sarraskiaren aurka ahotsa altxatzeko”, adierazi du alkateak. 

Alkateak azpimarratu du ekimen hau ez dela politika kontua, baizik eta konpromiso etiko bat, “giza eskubideen alde egiteko eta zibilen sufrimendu bidegabea salatzeko”. Ezinbestekotzat jotzen du herritarren sinesmen eta sentimenduak erakundeetara eroatea, “mezuak oihartzun zabalagoa izan dezan”. 

Alkateak nabarmendu du keinua sinbolikoa dela, baina garrantzitsua, gizartearen aldarria entzunarazteko: “Bermeotik, ez dugu bakarrik gure mugarri den teila botako, isiltasuna apurtzeko keinua egingo dugu, olatu erraldoi batek Gazaraino eroango duen elkartasun mezua zabalduko dugu: Bermeotik Gazara. Herri baten sufrimendua ez da kontu politikoa, gizatasunarena baizik. Eta Madalen Eguna bezalako egun berezi honetan, ezin dugu beste alde batera begiratu”. 

Horrez gain, udalak dei egiten die herritarrei, bai eta jai honetan parte hartzen duten herriei (Mundaka eta Elantxobe) eta itsas prozesioan parte hartzen duten ontziei ere, Palestinaren aldeko elkartasun sinboloak erabil ditzaten (zapiak, banderak, pin-ak...), mugak gainditzeko eta konpromiso kolektibo hori ikusarazteko. 

Hartara, Gernika Palestina elkartekoak zapiak, banderak eta beste motatako ikurrak saltzeko mahaiak jarriko dituzte hurrengo egunetan:

  • Bihar, barikua (uztailak 18), 19:00etan, Goiko Plazan
  • Etzi, zapatua (uztailak 19), 12:00etan, Goiko Plazan 

Madalen Eguneko egitaraua 

Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak eman ditu Madalen Eguneko zehaztapenak. Azaldu duenez, ohi legez, Madalen Eguna Kankinkabara txistu taldearen kalejirarekin hasiko da. 11:45ean, Udalbatza Goiko Plazan batuko da eta, Alkate soinua entzun ostean, porturantz abiatuko da Kankinkabara txistu taldearekin kalejiran. Txistulariek ohikoa duten Madalen zortzikoa joko dute. 

12:00etan hasiko da itsas jaia. Ontziratzea eta lehorreratzea izotz fabrikaren parean izango  da. Ondoren, Bermeoko Udalak herriko banderaren eta ikurrinaren jasoera egingo du Izaro uhartean eta alkateak, ohikoa den legez, teila jaurtiko du Bermeorenak diren mugak berretsiz. 

Beste behin ere, Bermeoko Udalak Madalen Egunean herritarrak eurekin itsasontzian Izarora eta Elantxobera joateko eta udalbatzaren protokoloa ezagutzeko plazak zozkatu ditu herritarren artean; XX herritar egongo dira itsasontzian. Kultura zinegotziak aipatu du ekimen horrek harrera oso ona izaten duela urtero, eta aurten ere izan duela.

Itsasontzia 13:00ak inguruan helduko da Elantxobera, eta ohorezko aurreskua egingo da, herriko plazan, Alkartasuna dantza taldearen eskutik.  Bitartean, Bermeon, 12:30etik 15:00ak arte, Taberna Ibiltaria ibiliko da kalez kale. 

17:30ean, udalbatza Elantxobetik irtengo da, Mundakara joateko eta 19:30ak inguruan helduko dira Bermeora. Portutik udalbatza Goiko Plazaraino abiatuko da Betijai fanfarrearekin. Bermeoko bandera eta ikurrina altxatu ondoren, aurreskuak eta zabaletakoak egingo dira. Ondoren, Betijai fanfarrearekin beherakada egingo da San Migeleko eskailerataraino.    20:00etatik 01:00etara, Puntu Morea jarriko da Portuzarrean; bertan, informazioa, aholkularitza eta eraso sexisten kasuan, laguntza eskainiko dira. 

Madalen jaietan guztiok ondo pasatzeko aukera izango dugula nabarmendu du kultura zinegotziak: “Adin guztietako bermeotarrok eta kanpotik datozenak festarekin eta tradizioarekin gozatzeko aukera izango dugu, eta pertsona guztiak gonbidatu gura ditut guretzat, bermeotarrontzat, garrantzitsua den jai honetan errespetuarekin parte hartzera”. 

Segurtasun neurriak eta garbitasuna 

Herriko garbiketari dagokionez, udalak edukiontziak bikoiztuko ditu jai eremuetan, “hondakinak eta zaborrak lurrean edo itsasoan ez amaitzeko”. Portura zaborrik ez joateko, gainera, Bermeoko Udalak Portuzarreko barandetan sarea jartzeko eskaera egin dio Portu Zuzendaritzari, eta baiezkoa eman dute. 

Guztion segurtasuna bermatze aldera, Bermeoko Udalak eta Segurtasuneko koordinatzaileak, Madalen Egunean, itsas jaian parte hartuko duten itsasontziei eskatu die indarrean dagoen araudiak  jasotzen dituen segurtasun neurriak betetzeko. 

Araudiak honako neurriak jasotzen ditu: itsas jaian ezin izango dute parte hartu lau metroko luzera baino gutxiago duten itsasontziek, belaz nabigatzen ari diren itsasontziek, arraunez mugitzen diren itsasontzi edo tresnek (piraguak, kayak, paddle surf tablak…), ezta ere beste era bateko ur gaineko tresnek. 

Horrez gain, itsasontzietako aforoa errespetatu behar da, eta Izaro inguruan, alkateak teila botatzen duen momentuan, itsasontziek euren arteko distantziak errespetatu beharko dituzte. 

itsasontziek aseguruak, dokumentazioa eta salbamendu eta segurtasun baliabideak indarrean edukiko beharko dituzte, eta Itsas zirkulazio eta segurtasun arautegia bete beharko dute. 

Era berean, araudiak ezartzen duenez, “kaian atrakatzeko eta irteteko maniobrak pixkanaka egingo dira, gertu dauden itsasontzien aldibereko maniobrak saihestuz”. Eta, bidaian, ontzian edo beste ontzi batean dauden pertsonen segurtasuna arriskuan jarriko duen maniobrarik ezingo da egin. Itsasontziek segurtasunezko VHF 14 kanalera konektatu egon beharko dute. 

“Garrantzitsua da neurriak betetzea jaietan segurtasuna bermatzeko eta guretzat hain garrantzitsua den jai hau jai giroan amaitu ahal izateko”, adierazi dute udal ordezkariek.

Baztarre eta Alde Zaharreko jaiak 

Madalen Eguna girotzen hasteko, urtero modura, bezperan (uztailak 21, astelehena), Baztarreko jaiak ospatuko dira. Baztarreko katuek, Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, egun osorako egitaraua antolatu dute. 

Eta, bigarren urtez jarraian, Baztarreko jaiak Alde Zaharreko jaien azken eguna izango da. Bihar bertan hasiko dira jaiak Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialaren X. urteurreneko ospakizunekin, eta domekara bitartean askotarikoak egongo dira Alde Zaharrean: hitzaldiak, kontzertuak, azoka, bazkaria… Domekan, Palestinari elkartasuna adierazteko eguna izango da. Hartara, Palestinar Erresistentzia: Etorkizuna Borrokatzen hitzaldia lehenengo, eta ostean, Gazako Sol Band taldearen hitzaldi musikatua izango dugu Gaztelun, itsasoa aurrez aurre. 

Alde Zaharreko jaiak berreskuratzeko asmoz hasi zen iaz Bermeoko Txosna batzordea jaiok antolatzen, eta jarraipena ematea erabaki dute. Aurten, Kabidxe, Bermeoko Udala eta Baztarreko Katuen laguntza izan dute Alde Zaharreko jaiak antolatzeko. Bigarren urtez,  jai herrikoien espirituari eutsiko diote: behe-behetik sortuta, auzolanean, kritiko eta alai. Bermeoko Txosna Batzordearen sare sozialetan dago ikusgai egitarau osoa (bermeokotxosnabatzordea).

Egitaraua egunez egun

Barikua, uztailak18 

KABIDXEREN X. URTEURRENA 

  • 17:30. Dekalogoaren aurkezpena
  • 18:00. Ate irekiak Kabidxen, argazki erakusketa eta umeentzako tailerrak
  • 20:00. Alde Zaharreko jaien txupinazoa
  • 20:30. Ospakizuna Kabidxen MJ Pepiñotan-egaz
  • 20:30. Kontzertua Kafe Antzokian: Javier Sun 

Zapatua, uztailak 19 

  • 12:00. Hitzaldia eta tailerra, Goiko Plazan: “Kaleetako postizoak berreskuratzen”. Hizlaria: Asier Romero EHUko irakaslea.
  • Ondoren. Postizoak egiteko umeentzako tailerra (Arropa zaharrak eroateko gomendioa egiten da).
  • 12:30. Auzo Bazkaria, Goiko Plazan: “Munduko Arrozak” (kuadrilla eta auzokideekin.)
  • 12:30. Herriko eragileen azokatxoa: barazkiak, kamisetak eta bestelakoak.
  • 16:30. Tribial jokoa taldeka
  • 18:00. Musika Saioa. DJ Eromena (Amapiano, afrobeats, dancehall, funk carioca – Gasteiz)
  • 20:30. Kontzertua Kafe Antzokian: The Sots 

Domeka, uztailak 20 

  • 18:00. Hitzaldia, Gaztelun: Palestinar Erresistentzia: Etorkizuna borrokatzen. Hizlariak: Asier Herranz (Samidoun preso palestinarren aldeko nazioarteko antolakundea) eta Azahara Hag (Bermeoko  Palestinarra)
  • 19:30. Hitzaldi musikatua, Gaztelun: Sol Band (Gazatik Euskal Herrira) 

Astelehena, uztailak 21.  BAZTARREKO JAIAK 

  • 10:00-13:30. Txokolatada eta jolasak
  • 11:00.Umeentzako ikuskizuna: Matraka Culinary Center (Trakamatra taldea)
  • 19:00. Kalejira: Kankinkabara Txistu Taldea, Kanta Kanta Lorue, Chris & James (musika irlandarra)
  • 22:00. Kontzertuak: Indabe (PowerTrio – Antiguo) eta Frigo (Bertsosaio musikatua – Behe Nafarroa)
17 / 07 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0