Albistea
Udako solstizioaren magiaz lagunduta, San Juan jaiak ospatuko dira Bermeon ekainaren 23an eta 24an. Egun berezi hauetan, kaleak dantzan jarriko dira eta sua piztuko da, ohitura zaharrei eutsiz.
Bermeoko Udalak eta herriko hainbat taldek elkarlanean prestatu dute egitaraua. San Juan bezperan, kalejira eta sua izango dira ardatz nagusiak, eta udaletxeko balkoian ohiko 14 atsoak ere agertuko dira. Ekainaren 24an, berriz, Arane auzoko jai batzordeak bere jai eguna berreskuratu du, egun osoko ospakizunekin.
San Juan bezperako ospakizuna Gizarte eta Kultura Etxean hasiko da, 21:00etan. Bertan batuko dira, kalejiran parte hartuko duten herriko taldeetako kideak: Bermeoko Abesbatza, Alkartasuna Dantza Taldea, KIETB Erraldoi Txikien konpartsa, Gaztelugatxe Danborrada Taldea, Kankinkabara Txistu Taldea, Irrintzilariak, Ttakuntxo, Kanta kanta lorue eta Arrekatxutxa.
Kalejiraren ibilbidea honako hau izango da: Gizarte eta Kultura Etxea, Talaranzko, Aurrekoetxea, Baztarre, Santa Klara eskailerak, Portuzarra, Lamera, Mokoneko aldatsa, Talaranzko, Gizarte eta Kultura Etxea, Irakaskintza, Sanjuanportale, Doniene eta Goiko Plaza. Tartean, parte-hartzaileek zazpi geldiune egingo dituzte, geldialdi bakoitzean abestuz edota dantza eginez.
Kalejira Goiko Plazara iristen denean, txalaparta doinuak eta irrintziak entzungo dira, eta jarraian sua piztuko da. Urtero modura, Herri Babesako boluntarioak eta Bermeoko Gurutze Gorrikoak egongo dira zaintza lanetan, segurtasun neurriak betetzen direla bermatzeko.
Bermeoko Udalak Goiko Plazako auzokideen laguntza eskatzen du, segurtasun neurriak bete daitezen. Modu horretara, balkoietako leiho eta ate guztiak zarratu eta pertsianak jaistea eskatzen da, bai eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta daudela konprobatzea ere. Horrez gain, ezin izango da balkoi eta terrazetara irten, sua amaitu arte.Bestalde, Bermeoko Udaletik gogorarazi gura da ezin dela sutera sastarrik bota; sutera botatako sastar guztiak kendu egingo direla nabarmenduta.
Sutera udal eraikinetan jaso daitezkeen paperezko kartazalak baino ezin daitezke bota daitezke edota paper txikiak. Kartazalak, Gizarte eta Kultura Etxean, Turismo Bulegoan, Areneko kiroldegian, Berhaz bulegoan eta Sancti Spiritus zaharren egoitzan hartu daitezke, eta egun horretan, Kabidxen ere eskuragarri egongo dira.
San Juan Eguna, jai eguna Arane auzoan
Ekainaren 24an, astelehenean, San Juan egunean, urtero modura, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen; 06:30, 07:30, 08:30, 10:30 eta 11:30 izango dira mezak.
Aurten, gainera, jai eguna berreskuratu dute Arane auzoan, eta egun osorako egitaraua prestatu du Arane auzoko jai batzordeak. 11:00etan zabalduko dute txosna, eta jan-edanak eskainiko dituzte bertan. 15:00etan, bazkaltzeko batuko dira bertan, eta horretan parte hartu gura dutenek, kiroldegiko tabernan, Gizarte eta Kultura Etxean edo Eleizalde Ikastolako idazkaritzen eman beharko dute izena; ekainaren 20a izango da izena emateko azken eguna. Nagusientzako menua 16 euro izango da, eta umeena, berriz, 5 euro.
17:00etan, Josepa kale kalekoek hartuko dute auzoa girotzeko ardura, eta ordu horretatik aurrera umeentzako jolasak eta txokolatea ere egongo dira. 19:30ean, berriz, Trikizio taldearen erromeriarekin dantza egiteko aukera izango dute bertaratutakoek.
Arane auzora joan-etorriak egiteko autobusak egongo dira arratsaldez. Hala, 19:30ean hasita, joan-etorriko hiru bidai egingo dira Bermeoko Institutu aurretik abiatuta, eta 22:00etatik aurrera, aldiz, beste hiru bidai egingo dira Aranetik herrigunera.
Bermeoko Udalak eskerrak eman gura dizkie San Juan jaiak antolatzen laguntzen duten talde eta boluntario guztiei. Era berean, herritarrei eskatzen die beharrezkoak diren segurtasun neurriak bete ditzaten, jai arrakastatsuak eta seguruak izan daitezen.