Albisteak

Albistea

Areneko kiroldegiak martxan dauka ‘Bermeo Kirolak App’ aplikazio berria, eta 2025-2026 kirol ikasturtea abiaraziko du

  • Tresna honek erreserbak, izen-emateak, ordainketak eta kirol-zerbitzuen kontsultak mugikorretik egiteko aukera ematen du, kudeaketa erraztuz eta erabiltzaileekin harremana modernizatuz.
  • Areneko kiroldegiak atzo, irailak 17, ireki zituen ateak, bi astez itxita egon ostean. Urriaren 1ean hasiko da ikasturte berria kirol jarduera programa zabal batekin. 

Bermeoko Udalak, kirol sailaren bitartez, Bermeo Kirolak App aplikazio berria jarri du martxan. Horren bitartez, herritarrek udal kirol-jarduera guztia kudeatzeko aukera izango dute, modu azkar eta errazean. 

Aplikazio honekin, mugikorretan erabilgarri dagoena, erabiltzaileek aukera dute instalazioak erreserbatzeko, ikastaro eta jardueretan izena emateko, aforoak unean bertan kontsultatzeko, bonuak eskuratzeko, ordainketak kudeatzeko eta Bermeoko kirol-zerbitzuen inguruko informazioa jasotzeko. Gainera, aplikazioak QR kode bidezko sarbidea dauka, instalazioetara sartzea erraztuz eta aurrez aurreko izapideak saihestuz. 

Xabier Ortuzar Butron kirol zinegotzia pozik agertu da tresna berriarekin: “Bermeo Kirolak App aplikazioarekin gure zerbitzuen modernizazioan beste urrats bat ematen dugu. Kirola herritar guztiengana hurbildu gura dugu, sarbidea, kudeaketa eta parte-hartzea errazagoak eginez. Digitalizazioaren eta gure kirol-zerbitzuen etengabeko hobekuntzaren aldeko apustu argia da”. 

Aplikazioa dagoeneko erabilgarri dago mugikorretarako plataforma nagusietan, eta aurrerapauso esanguratsua da Bermeoko kirolaren kudeaketan. 

Hobekuntza lanak egin ostean, kiroldegia berriz irekita 

Bermeoko kiroldegiak atzo, irailaren 17an, ireki zituen berriro ateak, urteroko mantenu lanak egiteko bi astez itxita egon ostean. 

Aurten egindako lanen artean daude: 

  •     Beheko gimnasioan margotze lanak eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egin dira.
  • Harrera ondoko lehorgailuak aldatu dira, doanekoak jarrita.
  • Fitness gimnasiora doan pasilloan, zerbitzuaren erabilera errazteko, 29 armairu jarri dira.

-         Igerilekuetan mantenu lan sakonak egin dira: hustu, garbitu eta bi igerilekuetan iragazgaizte lanak; zirkuituen garbiketa eta inguruen egokitzapena; ur bero eta hotzeko zirkuituetan legionelaren aurkako tratamendua eta DDD tratamendua (intsektuen, arratoien eta mikroorganismoen aurkakoa). Horrez gain, igerileku ertainaren inguru guztia altxatu egin da, eta behea iragazgaiztu da.

-         Kiroldegi osoari garbiketa bereziak (igerilekuko kristalak, aldagelak, gimnasioak…).

-         Garbiketa bereziak Areneko kiroldegian eta Artza frontoian (altuerako kristalak, lurzoruaren garbiketa mekanikoa…). 

2025-2026 ikasturtearen hasiera 

Areneko kiroldegia berriz zabaltzearekin batera dator 2025-2026 kirol ikasturtearen hasiera. Eskaintzak adin guztietarako jarduerak biltzen ditu: 

  •      Gelako ikastaroak: Pilates, Hipopresiboak, Bizkar Osasuntsua, Fit Balance, 60+, Biking 60+.
  • Igeriketa eskola (3-14 urte): Uretan Jolasean, Akuateka, Hamorrotza, Estiloak, Gazte Training, Hastapen Gazte.
  • Seniorren igeriketa: hastapena, hobekuntza eta entrenamendua (ordu eta maila ezberdinekin).
  • Ur jarduera egokitu eta mantentze fisikoa: Akuafit, Akuarunning, Kardioaletak.
  •      Biking saioak 

Ikastaroak urritik ekainera garatuko dira, hileko kuotarekin, eta kudeaketa salmenta-makinetan, udal webgunean eta berrikuntza nagusi modura, Bermeo Kirolak App aplikazioaren bidez egin ahal izango da. Laster emango da ikasturtean zehar egongo diren saio solteen berri ere.

18 / 09 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0