Albisteak

Albistea

Aurten ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotzera dator Eingule? lehiaketa

  • Irailaren 6an (zapatua), 21:00etan, txosnagunean egingo da lehiaketa; hiru sari banatuko dira.
  • Herritarrak berbetan jarri ditugu berriro ere, eta gaurtik aurrera bost bideo zabalduko dira Bermeoko Udalaren sare sozialetatik.

Bermeoko berbekin jolasean aritzeko Eingule? lehiaketa antolatu da beste behin ere, eta aurten ere, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotzera dator. Gazteen parte hartzea bultzatu gura du Bermeoko Udalak aurten ere, horregatik, Txosna batzordearekin elkarlanean, txosnagunea zabaltzen den egunean egingo da lehiaketa. Modu horretan, Eingule? lehiaketa irailaren 6an (zapatua), egingo da, 21:00etan, txosnagunean bertan.

Lehiaketak Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea du helburu, eta herritarrei nortasuna ematen dien hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna agerian utzi gura da.

Eingule? lehiaketan parte hartzea herritar guztiei zabalik dago; banaka, bikoteka edo taldeka parte hartu ahalko da. Asmazank formatua erabiliko da lehiaketarako, eta telefono mugikor bidez jolastu beharko da.

Parte hartzaileek 24 galdera erraz erantzun beharko dituzte, eta puntuazio altuena lortzen duten lehenengo hiru parte hartzaileek irabaziko dituzte sariak. Erantzuteko denbora eta ondo erantzutea kontuan izango dira puntuazioetarako. Sariak herriko denda batean gastatzeko 60€-ko, 100€-ko eta 150€-ko txartelak izango dira.

Bideoak sare sozialetan

Aurten ere, herritarrak berba egiten jarri ditugu, herrian erabiltzen diren berba errazak berreskuratzea da helburua. Hartara, gaur hasita bost bideo zabalduko dira sare sozialetatik, eta bideoetan erabiltzen diren berba erraz horiek ahalik eta gehien zabaltzea da asmoa, herritarren artean berba horiek berreskuratzeko asmotan.

Horrez gain, Eingule? lehiaketaren egunean bertan, Bermeoko esaerak gogoratzeko eta euskararen erabilera bultzatzeko helburua duten hainbat pegatina banatuko dira txosnagunean.

Bermeoko Euskara zinegotzi Iker Bilbao San Nikolasek lehiaketan parte hartzera animatu ditu bermeotarrak: “Gure hizkera eta nortasuna balioan jarri nahi ditugu. Hizkerak berak gure nortasuna definitzen du, eta gurea berreskuratu eta indartu nahi dugu. Aurten ere, gazteen parte hartzea bultzatu gura izan dugu. Hala ere, edozein herritarrek parte har dezake. Ahalik eta jende gehienak parte hartzea espero dugu. Animatu datorren zapatuan txosnagunera bertaratzen, euskararekin ondo pasatzeko aukera izango duzu herriko jaien atarian”.

01 / 09 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0