Albistea
Bermeoko Udala Turismo Bulegoaren eraikina birgaitzeko lanekin hasi da, eraikinaren efizientzia energetikoa hobetu eta bulegoaren digitalizazioan aurrera egiteko helburuarekin.
Eraikinak gaur egun dituen energia-galerak eta isolamendu-faltak direla eta, beharrezkoa da esku-hartze sakon bat egitea. Proiektuaren barruan jasotzen da fatxada kanpoaldetik isolatzeko sistema baten bidez birgaitzea (SATE sistema), baita fatxadako elementuen egokitzapena ere, hala nola, balkoiak, teilatu-hegalak eta bestelako osagaiak. Argiztapen sistema guztia LED teknologiaduna izango da, kontsumo txikikoa eta iraunkorra. Horrez gain, teilatua konponduko da eta eraikinaren estalkian isolamendu termikoa instalatuko da.
Lanon aurrekontua 426.894,15 eurokoa da (BEZ barne), eta horiek egiteko jasotako dirulaguntza 350.000 eurokoa, hain zuzen ere. Jarduera hauek Bermeoko Udalaren HELMUGAKO JASANGARRITASUN TURISTIKOKO PLANA 2023: Bermeo, helmuga ekoturistikoa: bertako natura- eta kultura-ondarea zaintzea eta balioestea (BERRESKURATZE-, ERALDATZE- ETA ERRESILIENTZIA-PLANA, EUROPAR BATASUNEKO FUNTSEK FINANTZATUTA-NEXT GENERATION EU) dirulaguntzen programaren baitan kokatzen dira, eta Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoren Sailaren eskutik dator.
Jarduketa hauei esker, eraikinak gutxienez B energia-etiketa lortuko du, eta aurreikuspenen arabera A mailara ere iritsi liteke. Hori guztia 025Bis etiketan jasotako betekizunen arabera egingo da, 2021/241 (EB) Erregelamenduaren VI. eranskinean zehaztuta dauden irizpideekin bat eginez.
Aldi berean, Turismo Bulegoaren digitalizazioaren lehen faseari ekingo zaio, bisitariei zerbitzu hobea eskaintzeko baliabide teknologiko berritzaileak erabiliz. Lan hauetarako aurrekontua 9.998,23 eurokoa da (BEZ barne), eta kostuaren %100 jasoko da funts berdinetatik.
Bestalde, bigarren fase batean, eta beste dirulaguntza-lerro batzuen bidez, eraikineko klimatizazio sistema berrituko da. Fase honetan eraginkortasun oso handiko hidrotermia sistema bat ezarriko da, energia berriztagarrietan oinarrituta.
Bihartik eta obrak iraun bitartean, Turismo Bulegoak Bekoportalen (Hurtado de Mendoza Kardenalaren kalea, 8) eskainiko du zerbitzua, eta Bekoportalen eskaintzen zen haurrentzako zerbitzua Gizarte eta Kultura Etxeko lehenengo solairura mugitu da.
Udaletik ulermena eskatu gura zaie herritarrei lan horiek egiterakoan sor daitezkeen eragozpenengatik, eta aldez aurretik eskerrak eman dizkie emandako laguntza eta pazientziagatik