Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak herrian erosteko gonbidapena egiten du ‘Badaezpada, Bermeon erosi’ kanpainarekin

  •       Bermeoko Udalak, Behargintzaren bitartez, herriko merkataritza babesteko ekimen berria hasi du. Helburua da bezeroak fidelizatzea eta herriko saltokiek gehiago saltzea.

Bermeoko Udalak Badaezpada, Bermeon erosi kanpaina hasi du gaur bertan. Kanpaina honen bitartez, herrian erosteko deia egin da, herriko merkataritzari laguntzeko. Hartara, sektoreak duen lana eta bizi-kalitatea sortzeko garrantzia balioan jarri gura da. Helburua da, bezeroak fidelizatzea eta herriko saltokien salmentak handitzea.

“Bermeon erosteak gure herriaren etorkizunaren eta herriko bizitzaren alde egitea esan gura du. Merkataritza hurbila, identitatearen eta kohesio sozialaren motorra da”, adierazi du Maite Caruezo Ugalde, Garapen ekonomikorako zinegotziak.

Bermeoko Udalak egindako aurreko kanpainetan bezala, kanpainarekin bat egin duten merkatarien artean banatu dira bi koloretako aterkiak, urdin mota biko aterkiak dira. Aterkiak bertoko artista batek sortutako irudia dauka eta irudi horrek Bermeoren esentzia eta nortasuna islatzen ditu.

Ekimen hau herriko jai nagusiekin eta udazkenarekin batera egitea erabaki da, “sasoi honetan eguraldi ona zein euria egiten baitu”. Aterkia osagarri praktikoa da, baina aterkia sinbolikoa ere izan ahal da: “Badaezpada! aterkia herri gisa ordezkatuko gaituen osagarria ere izan daiteke”, azaldu du Caruezok.

Kanpainarako prestatu den bideoak mezu argia dauka: “bermeotar askok itsasora edo Sollubera begiratzen dute ze eguraldi egingo duen jakiteko, eta askok bietara. Horrek gogorarazi gura du ezin garela ikuspuntu bakarrarekin geratu; gure interesak zaindu behar baditugu ere, ingurukoak ere kontuan hartu behar ditugu. Berba bitan esateko: elkar zaintzeko”.

Aterkiez gain, kanpainaren leloa daramaten pegatinak ere banatuko dira, paparrean, osagarrietan edo beste leku ikusgarri batzuetan jartzeko.

Guztira, 45 komertzio batu dira ekimenera, eta horietan banatuko dira aterkiak, gutxieneko erosketa bat egitearren edo herritarrek komertzio horretan duen konfiantza eta fideltasuna saritzeko.

Bermeon erosteak herriaren esentzia bizirik mantentzen laguntzen du, eta elkar zaintzeko modu bat da, hortaz, herritarrak gonbidatzen ditugu herrian bertan, bertokoa erostea, konfiantzaz.

03 / 09 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0