Albisteak

Albistea

Ikasturte berriarekin batera, badatoz gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak ere

  • Irailaren 22tik urriaren 10era bitartean eman daiteke izena Berhaz bulegoan edo dagokion euskaltegian.
  • 2025-2026 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina ere martxan dago eta udalerrian hiru zentro daude euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia. 

Ikasturte berriarekin batera, Bermeoko Udalak, Euskara Sailaren bitartez, gurasoentzako eta etorkinentzako euskara eskolak antolatu ditu, AEK eta Gotzon Garitaonaindia euskaltegiekin elkarlanean. Ikastaro horien bidez, alde batetik, familia bidezko transmisioa indartu gura da, euskara ez dakiten gurasoei ikasteko erraztasunak emanez; eta, beste alde batetik, Bermeora kanpotik etorri direnentzat euskara ikasteko aukera zabaldu gura da. Ikastaro hauetan parte hartzeko interesa daukatenek irailaren 22tik urriaren 10era bitarteko tartea izango dute izena emateko; Berhaz bulegoan eman beharko da izena edo dagokion euskaltegian.

Iker Bilbao San Nikolas euskara zinegotziak esan du urrian hasiko diren ikastaro hauek ekainera bitartean izango direla, eta batean zein bestean, taldeei egokitutako metodologiak erabiliko dituztela. 

Gurasoentzako euskara ikastaroak AEK euskaltegiak eskainiko ditu. Jakitera eman dutenez, ikastaro hauetan bai euskaraz ez dakitenek edo maila baxua dutenek parte hartu ahal dute. Seme-alabekin ohiko harremanetan komunikatzeko trebetasunak landuko dituzte, ulermena garatzen eta berba egiten hasiko dira, eta testu laburrak irakurtzen eta idazten ikasiko dute. Astean birritan batzen dira, bi ordu egun bakoitzean, eta nagusiki adingabeko seme-alaben gurasoei, tutoreei… zuzendutako ikastaroa da. Metodologia praktikoa erabiltzen dute, egunerokotasunarekin lotutako ariketak eginez. Matrikula 20 euro ordaindu beharko da.

Gotzon Garitaonaindia euskaltegiak dauka, berriz, etorkinentzako ikastaroaren ardura. Helburu nagusia da etorkinei euskara ikasteko aukera ematea, “integrazio errazagoa izan dezaten”. Astean lau ordutan batzen dira; bi ordu, bi egunetan. Etorkinentzako ikastaroan komunikatzeko oinarrizko gaitasuna lantzen da, HABEk garatutako Aisa metodologiaren bitartez. Klaseak oso praktikoak izaten dira, helburua erabilera delako, eta erabilera horren bitartez lortu gura da etorkinak gure kultura ezagutzea eta gure artean integratzea. Ikastaro hau beste herrialde batzuetatik etorri diren pertsonentzat antolatzen da, berton bizitzeko euskara ikastea lagungarri delako. Izan ere, euskara jakiteak hartu-emanak errazten ditu eta aukerak eta bideak zabaltzen ditu. Ikastaro honen prezioa 10 eurokoa da gehi eskola materiala (17,50 €).

Euskara ikasteko matrikulazio kanpaina martxan

Bestalde, 2025-2026 ikasturtean euskara ikasteko matrikulazio kanpaina martxan dagoela gogora ekarri dute. Hiru zentro daude Bermeon euskara ikasteko: Hizkuntza Eskola Ofiziala, AEK eta Gotzon Garitaonaindia16 urtetik gorako edozein herritarrentzat “aukera anitza eta ordutegi zabala” daukatela aipatu dute, “metodologia eguneratuak eta baliabide egokiak” eskainita.

Hizkuntza Eskola Ofizialak, urtero legez, eskaintza zabala dauka 2025-26 ikasturterako. Euskarako A1eko talde bat daukate ikasturte honetarako, eta oinarri-oinarrizko komunikazioa lantzea dute helburu, “giro abegikorrean eta ikasle bakoitzaren ezaugarriak eta beharrizanak kontuan izanda”. Astean bitan izango dituzte klaseak, bi ordu eta laurdenekoa klase bakoitza. Irailaren 29an hasiko dute ikasturtea, eta maiatzaren erdian amaituko dute.

 

Hizkuntza Eskola Ofizialean izena emateko epea zabalik dago, eta abenduaren 31ra arte zabalik izango da. Matrikularen prezioa “sinbolikoa” da, eta “arazorik izatekotan, bekak eskatzeko aukera ere badago”. 

Gotzon Garitaonaindia euskaltegitik dirulaguntzei buruzko zehaztasunak eman dituzte. Aipatu dute, doakotasuna ez dela osoa, baina nabarmendu dute A1 eta A2 16 urtetik gorako herritarrentzat eta C1en kasuan, 16-18 bitarteko gazteentzat matrikula diruz lagunduta dagoela. B2ra arteko mailetan euskaltegian gaindituz gero, ikasleek matrikula osoa berreskuratuko dute, baita 30 urtetik beherako C1 gainditzen dutenek ere. Horrez gain, nabarmendu gura izan dute klaseak aurrez aurre edota online izan daitezkeela. 

Jakinarazi dutenez, AEK euskaltegian, aurten, C2 maila ere izango dute. Klaseak arratsaldez izango dira, astelehenetan eta martitzenetan, 17:30etik 20:00etara.

Matrikula egiteko beharrezkoak direnak eta eskuratu daitezkeen dirulaguntzei buruzko informazioa euskaltegietan bertan jaso daiteke. HABEk eta Bermeoko Udalak, dirulaguntzak eskaintzen dituzte, ikasleek ordaintzen duten matrikula gastuetan “ahalik eta erraztasun handiena izan dezaten”.

Nadia Nemeh Shomaly Bermeoko alkateak esan du “pozik” dagoela aurten ere guraso eta etorkinentzako euskara eskolak eskainiko direlako, “aukera polita” baita euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko. Horrez gain, herriko euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako kideei eskerrak emateko tartea ere hartu du, urte hauetan guztietan egin duten lanagatik. Euskara ikasteko aukera asko daudela aipatuta, herritarrak animatu ditu informazioa eskatzera eta euskara ikastera.

19 / 09 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0