Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak hasieraz onartu du sastar-batze tasaren epigrafe aldaketa

  • Aldaketaren helburua da, Bizkaiko Foru Aldundiak apirilaren 1ean onartutako prezio publikoen igoeraren ondorioz, aurrekontuan sortutako desoreka konpontzea. 

Bermeoko Udalak sastar-batze tasaren epigrafe berria hasieraz onartu du osoko bilkuran. Erabakia hartu da, Bizkaiko Foru Aldundiak hondakinen ustiapenerako prezio publikoetan egindako aldaketak sortutako aurrekontu-desoreka konpontzeko helburuz. Prezio-igoera hori apirilaren 1ean sartu zen indarrean, eta eragin zuzena izan du udal zerbitzuaren kostuan. 

Neurria 2025eko apirilaren 8tik indarrean dagoen 7/2022 Legea betetzeko hartu da, lege horrek ezartzen du hondakinen bilketa eta kudeaketaren benetako kostuak tasa bidez estali behar direla. Testuinguru horretan, Bermeoko Udala osatzen duten hiru talde politikoek hiru urtetan igoera mailakatua egitea adostu zuten iazko urrian, herritarrengan bat-bateko eragina saihestu aldera. Kostuen % 100 estaltzeko beharrezko guztizko igoera % 31,9koa zen, baina 2025ean % 24ko igoera aplikatzea erabaki zen, gainerakoa hurrengo urteetarako utzita. . Hala ere, martxoaren amaieran, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi zuen apirilaren 1etik aurrera hondakinen ustiapenerako prezio publikoak igoko zituela. Igoera horrek 144.656,79 euroko gainkostua suposatzen du udalarentzat, zerbitzua finantzatzeko udal-aurrekontuan aurreikusitako 560.000 euroko defizitari gehituta. 

Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk honakoa adierazi du: “2025erako %24ko igoera ezartzea adostu genuen, eta hori jada aurrekontuan jasota zegoen. Baina Foru Aldunditik ezustean etorri den prezio-igoerak kostu berriak ekarri ditu, eta horrek urteko azken hiruhilekoko ordainagiria egokitzera behartzen gaitu. Etxebizitzen kasuan, adibidez, azken hiruhilekoan 3,53 euro gehiago ordaindu beharko dira aurreikusitakoa baino”.

Alkateak azpimarratu du neurri honen atzean ez dagoela motibazio politiko bat, baizik eta egoera ekonomikoak agindutako “ezinbesteko neurri teknikoa”, eta, gainera, udalaren esku ez dagoen kostu-igoera bati erantzuten diola. 

Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspen eta komunikazio faltak udalerrien kalterako direla salatu du. “Ezin dira prezio publikoak egun batetik bestera eta inolako abisurik gabe aldatu. Aurreikuspen faltak zuzenean eragiten digu udalerrioi, eta are gehiago txikiei, ezinbestean zerbitzua bermatu eta aurrekontua orekatu behar dugulako”, azaldu du alkateak.

27 / 06 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0