Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Euskararen erabilera normalizatzeko plan estrategikoa onartu du

  • Egindako diagnostikoaren arabera, udalak euskararen normalizazioan egindako ibilbidea %75 da, eta %89ra pasatzea da helburua.

Bermeoko Udalak 2027ra arteko Euskararen erabilera normalizatzeko plana onartu du 2025eko uztailaren 30eko Osoko Bilkuran. Plana Eusko Jaurlaritzak landutako marko estandar berriarekin bat etorrita egin da eta UEMArekin elkarlanean. Horretarako udal langileen eta ordezkarien parte-hartzea izan du. Planak hizkuntza ofizialen kudeaketa udalaren kudeaketa orokorrean txertatzeko beharrizanean du oinarria, eta Bikain ziurtagiriarekin lerrokatuta dago.

Bermeoko Udalak aurrerapauso nabarmenak eman ditu urteetan zehar euskararen normalizazioan; horren erakusgarri dira, 2011n eta 2019an lortutako urrezko Bikain ziurtagiriak. Ildo horretatik, oraingo honetan egindako diagnostikoak ere erakusten du egindako bidea handia dela eta euskarazko jardunak toki esanguratsua duela udalean. Hala eta guztiz ere, zer hobetu ere badago, eta horiei ekin beharra dago datozen urteetan.

Egindako diagnostikoaren arabera, eta erabilerak ez ezik kudeaketak berebiziko lekua hartu duen honetan, udalak euskararen normalizazioan egindako ibilbidea %75 da.

Ibilbide hori egiten jarraitzeko, oraingo honetan ere UEMAko gainerako herriekin bat datozen hizkuntza irizpideak onartu dira, haiek izango baitira erreferentzia ibilbide guztian. Udal langile eta ordezkari guztiei zuzendutako plana da, eta aurreko planek bezala udalaren jardun osoa hartzen du bere baitan. Beraz, arduradun politiko eta langile guztiek bete beharreko irizpideak jasotzen dira bertan.

Planaren helburu nagusia da, udalean euskararen erabilera indartzea eta areagotzea, bai zerbitzu hizkuntza, eta baita ere, lan hizkuntza modura, euskararen erabilera areagotu eta herritarren hizkuntz eskubideei erantzun ahal izateko. Hartara, plangintzaldiaren helburua izango da, gaur egungo %75 horretatik % 89ra pasatzea.

Kudeaketak berebiziko lekua izan behar duen plangintzaldi berri honetan, erabateko garrantzia izango dute lidergoan oinarritutako kudeaketarako egiturak; adierazleei jarraipena egiteko sistemak eta adostasunak; hizkuntza irizpideak ezagutarazi eta betetzeak; arduradun politikoen, zein langileen lidergoa sustatzeak; eta euskara izateak sortze, lan eta zerbitzu hizkuntza udalaren sail eta zerbitzu guztietan.

Hori guztia lortzeko planak aurrera egiteko udala osatzen duten guztien adostasuna, inplikazioa eta elkarlana behar ditu; arduradun politikoek zein langileek konpromisoak hartzen jarraitu behar dute, euskararen erabilerak gora egiteko eta orain arte egindako lanari eutsi eta aurrerapausoak ematen jarraitzeko.

11 / 08 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0