Albistea
Bermeok prest ditu irailaren 7tik 16ra ospatuko diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak. Aurten ere, herriko kale eta plazak girotuko dituen egitarau zabala antolatu da, adin guztietako herritarrei zuzenduta eta gustu guztietarako. Kulturaz, kirolez, gastronomiaz eta musikaz betetako jai egun horietan, herriak bere tradizioak mantenduko ditu, izaera parte-hartzailearekin.
Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak Jai batzordeak egiten duen lana azpimarratu du: “Bermeoko jaien berezitasuna da herritarrek herritarrentzat antolatutako jaiak direla. Horri esker, jai herrikoiak eta benetan parte-hartzaileak lortzen ditugu”. Horrez gain, jaietako egitaraua osatzen laguntzen duten Txosna batzordekoen lana ere goraipatu du: “Garrantzitsua da eurek egiten duten lana, Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak osatuagoak izateko”. Hala, eskerrak eman dizkie bai Jai batzordeko zein Txosna batzordeko kideei, jaiak antolatzeko egiten duten lanagatik eta ahaleginagatik.
Bermeoko Udala lanean ari da jaiak gero eta inklusiboagoak izan daitezen. Horretarako, aurreko urteetan emandako pausoak mantentzeaz gain, beste pauso bat eman dela jakinarazi du kultura zinegotziak. Hala, aurten herritarren eskaerei erantzunez, su artifizialen eta Xixiliren doluzko ibilbidearen ordutegiak aurreratu egin dira, eta 21:30ean izango dira, ordu erdi aurreratu da ordua. Mantendu egingo dira barraka isilak zenbait egunetan, eta iaz hasitako bideak jarraipena izango du aurton, eta jaien hasieraren ordutegia mantendu egingo da: “Xixili 19:45 irtengo da balkoira eta 20:00etan izango da alkatearen pregoia. Iaz aurreratu zen jaien hasieraren ordua jai inklusiboagoak egin asmoz, eta herriko txikienek ere jaien hasieraz gozatu ahal izateko”. Eta zelan ez, azken urteetako moduan, zeinu hizkuntzan eskainiko da pregoia.
Pregoilaria erabakitzeke
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak iragarriko dituen kartela badaukagu; hain zuzen ere, Leire Sanchez Patiñoren Han dator Xixili aukeratu dute herritarrek. Hurrengo urratsa, udaletxeko balkoian alkatearekin batera zein talde edo pertsona egongo diren aukeratzea izango da, eta horretarako bozketa oraindik zabalik dago. Finalisten artean, Spookypheria Productions, Xsakara eta Alkartasuna Dantza Taldea daude. Herritarrek botoa emateko azken eguna, abuztuaren 18a izango da, hau da, datorren astelehena. Bozkatzeko bi modu daude: Galdetegia beteta (https://labur.eus/xg7vf0qg), edo aurrez aurre, Gizarte eta Kultura Etxeko harrera gunean dagoen kutxan botoa emanez (09:00etatik 14:00etara).
Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak irailaren 7an hasten badira ere, gura duenak jaietarako martxa hartzen hasteko aukera izango du irailaren 6an (zapatua). Txosnagunea bertan egunean zabalduko da, eguerdian txupina botata, eta egun osoko egitaraua prestatu dute Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako motorrak berotzen hasteko.
Irailaren 6a aukeratu dute baita ere, espigoian Itsasoko Eguna ospatzeko, bai eta Bermeo Uria zesta puntako finalak jokatu eta jaialdia egiteko. Horrez gain, iazko arrakasta ikusita, aurten ere, Bermeoko berbekin jolasean aritzeko Eingule? lehiaketa izango dugu Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak girotzen; izan ere, irailaren 6an egingo da lehiaketa, 20:30ean, txosna gunean. Lehiaketak Bermeoko hizkera, identitatea eta kultura zabaltzea du helburu, eta herritarrei nortasuna ematen dion hizkerak egunerokotasunean duen baliagarritasuna agerian utzi gura da. Iaz egin modura, Kahoot formatua erabiliko da lehiaketarako, eta telefono mugikor bidez jolastu beharko da.
Almika auzoko jaiak
Andra Mari eta Santa Eufemia jaien hasierak bat egiten du urtero Almika auzoko jaiekin, eta aurten ere, horrela izango da; Almikako jaiak irailaren 7an eta 8an ospatuko dira. Besteren artean auzoa girotzeko antolatu dituzte, untxi sukalki eta irrintzilari txapelketak, emakumeen giza probak, zaldi proba erakustaldia, belar bola eramatearen txapelketa, mota desberdinetako musikak eta askoz ere gehiago. Almikara igoteko autobusak egongo dira irailaren 8an, Andra Mari egunean, San Andreseko bidegurutzetik irtenda: 10:30ean gorantz lau bidaia egingo ditu Bermibusak, eta 12:30ean beherantz, beste lau.
Begoñako Ama Gaztelugatxeko San Juanen uretan tronuratzearen LXII. urteurreneko ekitaldia ere, irailaren 7an egingo dute aurten.
Aurtengo Andra Mari eta Santa Eufemia jaiek eztanda egin orduko, 17:30ean abiaraziko da Almikako jaitsiera, eta Erriberan egingo dute 19:00etan, Topa. 19:30ak aldera hasiko da Goiko Plaza betetzen, aurtengo jaiei hasiera emateko; 19:45 aurkeztuko da Xixili eta 20:00etan alkatearen pregoiaren ostean botako da txupina, aurtengo jaiei hasiera ofiziala emanez.
Jaien hasierako eguna behar bezala amaitzeko, 21:00etan, Lameran izango dira Dupla eta Sukenaren kontzertuak.
Andra Mari eta Arrantzale Eguna
Txupinazoaren osteko bi egunak oso garrantzitsuak dira bermeotarrentzat. Irailaren 8a, Andra Mari eguna dugu. Ohiturari eutsita, Udalbatza Almikarantz abiatuko da Kankinkabara Txistu Taldea, Bermeoko Erraldoien Konpartsa, Alkartasuna Dantza Taldea eta Aiarako musika bandarekin. Han, ohorezko aurreskua egingo zaio udalbatzari, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren ekitaldia ere izango da.
Egun horretan Barrueta Arte Elkartearen erakusketa inauguratuko da, umeen danborrada izango da, Bermeo Hiria Open Bizkaia esku pilota txapelketa jokatuko da, eta gauean, Valecearen suzirien ostean, The Hot Tubes taldearen kontzertua egongo da.
Irailaren 9a, Arrantzale Eguna, Lamera Gane txokoak antolatzen duen lore eskaintza, aurreskua eta omenaldiarekin hasiko da aurten ere. 13:00etan, hasiko dira aurreskuak eta zabaletakoak Goiko plazan, ondoren jaitsiera egingo da, eta ohi modura, Taraskari lorak eskaintzeko geldialdia egingo da. Arratsaldea eta gaua musikaz beteta egongo dira: I Love Italia egongo da Lameran, Txosna batzordeak antolatuta, Gotx elektrotxarangakoek kalejira egingo dute, eta Zutik taldearen erromeriarekin amaituko da Arrantzale Eguna.
Arrantzale Egunaren osteko goiza, Los Chimberos taldeak girotuko du, eta arratsaldean Herri Kirolak egongo dira Lameran. Gauean, berriz, bertso saioa egongo da Artza frontoian.
Sancti Spiritus zaharren egoitzakoek Almikara egiten duten irteera irailaren 11n izango da, eguenean. Bertan bazkalduko dute eta bazkalostea KOZ taldeak girotuko du. Txosna batzordeak antolatzen duen tortilla txapelketa eta eskalada txosneroa arrakastatsuak ere irailaren 11n izango dira. Horrez gain, Bermeo Hiria Open Bizkaia eskupilota txapelketa, txokolatea Irakaskintza kalean eta Bonba bat naiz Bego Larrañagaren kale antzerkia ere egun berean izango dira. Gauean, Addar eta Elizabeltz talde bermeotarren kontzertuak egongo dira.
Irailaren 12a, barikua, mozorro eguna izango da txosna gunean, eta Alkartasun Batel Estropada ere antolatu dute egun horretarako. Bariku horretan izango da baita ere, Gaztelugatxe Tanborrada Taldeak antolatutako nagusien danborrada. Txosna gunetik hasiko den Queerpoteoa eta kontzertuak ere egongo dira.
Sukalki Eguna
Irailaren 13a, zapatua, lehiaketarik ez baldin badago ere, Sukalki Eguna ospatuko da Talan, eta sukalkia egitera animatzen ditugu herritarrak, egun guztiko giroa egongo delako Talan bertan. Suzko zezena egun honetarako antolatu da, eta zapatua Laprast taldearen erromeriarekin amaituko da.
Irailaren 14rako, Bermeoko III. Erraldoi Txiki eta Ertainen Bilkura, Bermeo Hiria Open Bizkaia Esku Pilota Txapelketaren finalak, umeentzako puzgarriak eta AH!, Anari eta Puro Relajoren kontzertuak antolatu dira.
Santa Eufemia bezperan, irailaren 15ean, izango da aurton Play Back txapelketa, eta Buselektrikua antzerki taldearen eskutik, berriz, Etxa gatza antzerkiaz gozatu ahalko da.
Jaietako azken eguna, irailaren 16a, Santa Eufemia Eguna. Baserri Giroko azokarekin lotuta dator beti egun hau. Azokaz gain, azken urteetan egin modura, Euskal Oiloaren Bizkaiko IX. Txapelketarekin eta Bermeoko abereen erakusketarekin ondo pasatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Protokolo eguna ere bada, hortaz, 12:00etan, Udalbatza Santa Eufemia plazara abiatuko da Aiarako Musika bandak eta Bermeoko txistulariek lagunduta, eta bertan Bermeoko Erraldoien konpartsaren ekitaldia eta Aiarako musika bandaren saioa izango dira. Plazan, gainera, Balkoitik Balkoira bertso saioarekin disfrutatu ahalko da.
Arratsaldean, berriz, Bermeo Hiria Inpesca Pilota Festibalaren finala jokatuko da, eta ohi baino ordu erdi arinago, 21:30ean hasiko da, Xixiliri agur esateko egiten den ohikoa doluzko ibilaldia. Ondoren, Xixili erreko da eta Zaragozana pirotekniaren eskutik suziriak izango ditugu, jaiak datorren urtera arte agurtzeko.
Gautxoria eta Puntu Morea
Udal ordezkariek nabarmendu dute “errespetuzko” Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak gura dituztela, “errespetua, danok ondo pasatzeko oinarria baita”.
Aurreko urteetan modura, Bermibus Gautxoria egongo da: irailak 6, 9, 12 eta 13, 00:00etatik 05:00etara, ordu erdiro. Ibilbidea eta geltokiak honakoak izango dira: Artzako biribilgunea, Adubidxe, San Migel, Ondarruburu kalea, San Andres bidegurutzea, Askatasun bidea, Ibarreta kalea, San Martin, Bizkaiko Jaurerria, Sanjuanportale, Tala, Aritzatxu bidea, Bizkaiburu kalea, udal azoka eta Txibitxiaga kalea. Bermibus Gautxoriak ibilbide zehatz bat izango duen arren, geltoki malguak eskainiko ditu, herritarrek horrela eskatzen baldin badute.
Gautxoria dagoen egun berdinetan egongo da Puntu Morea ere, liburutegi ondoan, zalantzak argitzeko edota laguntza eskaintzeko, hala behar izanez gero. “Bermeotarren eta gurera datozenen segurtasuna bermatu gura da. Bizi ditzagun jaiak askatasunez, inongo erasorik barik!”, aipatu dute.
Kultura zinegotziak azaldu du oraindik ere badaudela Andra Mari eta Santa Eufemia jaietarako gauzak zehazteko, esaterako, zeintzuk izango diren barraketako prezio herrikoien egunak, eta zeintzuk izango diren egun isilak, horiek jakin ahala joango gara zehazten.
Jaietako programaren liburua irailaren 1etik aurrera salgai egongo da Gizarte eta Kultura Etxean eta Turismo Bulegoan, euro batean.
Txosna Batzordea
Txosna Batzordeko kideek azaldu dutenez, aurten txosna gunea irailaren 6tik 16ra bitartean egongo da zabalik. Irailaren 6an, 12:30ean botako dute txosnako txupina, eta horren ostean atsedenik gabeko egunak izango dituzte aurretik; izan ere, programa zabala antolatu dute.
Txosna batzordearen egitarauaren barruan ez dira faltako ohitura bihurtu diren tortilla eta eskalada txapelketak, Elkartasun estropada, ezta txosnalarien bazkaria. Aurten, irailaren 6an batuko dira horretarako, eta bazkalostea Izaro eta Elenerekin girotuta edukiko dute. Kuadrillen arteko lehia ere martxan jarriko dute beste behin, eta puntuagarriak diren hainbat joko antolatu dituzte. Horrez gain, trikipoteoak, elektrotxarangak, tailerrak eta kontzertuak ere ez dira falta Txosna batzordeak antolatutako egitarauaren baitan.
Iaz hasitako Txosna Txikik ere jarraipena izango du, txikienentzat pentsatutako egitarau bereziarekin. Irailaren 6an hasiko dute txosna txikiko programazioa ere, txupinazo txikirekin. Besteak beste jaien baitan honakoak izango dituzte: patin eta skate ikastaroak, Ameli ipuin musikatua, postre txapelketa, txita Toki zirku tailerra, zirku ikuskizuna, Bitsaren jaia…
Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan ondo pasatzeko askotarikoak izango ditugu gure herrian. Hartara, Bermeoko udal ordezkariek eta Jai batzordeko eta Txosna batzordeko ordezkariek pertsona guztiak gonbidatu dituzte Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan errespetuz ondo pasatzera.