Albistea
Azken urteetan egin modura, Bermeoko Udalak, Gazteria Sailaren bitartez, Begirale ikastaroa antolatu du. Gazteria Sailaren helburuetariko bat, gazteei aukera hezigarriak eskaintzea da, eta horretarako, Aisialdirako Begirale Ikastaroa antolatu du 2025/26 ikasturterako.
Prestakuntza honen bidez, hezkuntza astialdirako hezitzaileak trebatzea da asmoa, eta gazteak gaitu lana bilatzeko prozesuan arrakasta izan dezaten. Ikastaroa urriaren 11n hasiko da, eta 2026ko maiatzaren 9an amaituko da; guztira, 12 asteburu izango dira. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta irailaren 30era arte zabalik egongo da, eskainitako gehienezko plaza kopurua betetzen ez bada. GIZeko bulegoetan (Bermeoko Gizarte eta Kultura etxean) edo GIZen webgunearen bidez eman daiteke izena, horretarako beharrezkoa den izen-emate orria beteta.
Ikastaroaren atal teorikoa 150 ordukoa izango da. Bermeon emango diren eskolak zapatuetan (10:00-14:45/16:00-18:30) izango dira, Bermeoko Gizarte eta Kultura Etxean. Hiru asteburutan, aldiz, klaseak La Arboledako aterpetxean izango dira (zapatuko 10:00etatik domekako 14:00etara). Atal hori amaitzerakoan, ikasleek 160 orduko praktikak egin beharko dituzte. Ikasleek 18 urte izan beharko dituzte praktika horiek gauzatzeko.
Baldintzak
Ikastaroa egin ahal izateko, ikasleek 18 urte beharko dituzte 2026an zehar. Halaber, ikasleak euskaldunak izan beharko dira, ikastaroa euskaraz izango baita, eta DBHko titulua izan beharko dute. Prestakuntza amaitu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Aisialdiko Begirale titulu ofiziala jasoko dute.
Matrikularen prezioari dagokionez, 35 urte baino gutxiago duten bermeotarrek 350 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek 450 euro.