Albisteak

Albistea

Bermeok kultura, musika eta merkataritza uztartuko ditu asteburuan

  • Marabiyak kolektiboaren kalejira 12:00etan hasiko da zapatuan, San Frantzisko portaletik.
  • Arratsaldean, Dantz Pointek hartuko du lekukoa, Talan, 18:00etatik aurrera.
  • Zapatuan eta domekan, Berton azoka egongo da Taraskan eta San Frantzisko elizako klaustroan. 

San Juan jaiak ate joka ditugu, baina horren aurretik, motorrak berotu aldera, asteburu betea izango da Bermeon. Hiru ekimen interesgarri izango ditugu udalerrian: Marabiyak kolektiboaren kalejira jasangarria, Dantz Point musika elektronikoaren esperientzia eta Berton Azoka, tokiko merkataritzaren eta zerbitzuen erakusleihoa. 

“San Juan jaiak ospatzeko motorrak berotzen ari gara, eta horretarako asteburu berezia prestatu dugu: kultura, musika eta tokiko merkataritza uztartzen dituen egitaraua dakargu, herritarrentzat eta bisitarientzat irekia. Udalerriko espazioak eta komunitatea erdigunean jartzea da gure helburua, eta bide horretan pauso sendo bat da asteburu honek eskaintzen duena”, azaldu du Endika Etxebarria Telleria kultura zinegotziak. 

Zapatuan, ekainaren 21ean, eguerdiko 12:00etan abiatuko da lehen ekimena: Marabiyak kolektiboaren kalejira berezia. Eguzki-plakekin elikatutako hiru bizikleta elektriko eta bafle bereziekin osatutako sistema honek Bermeoko Alde Zaharreko kaleak girotuko ditu, orubez orube, udako solstizioaren harira eta Ekliptika zikloaren baitan. Reimy DJ-a egongo da ibilbidean zehar musika zuzenean jartzen. Ibilbidea San Frantzisko portalen hasi eta Talan amaituko da, guztira hamar geldialdi eginez. Geldialdi bakoitzean, herriko elkarte batek hartuko du hitza, eta Alde Zaharraren, komunitatearen, ingurumenaren eta komertzio txikiaren aldeko mezuak zabalduko dira. 

Ekimen hau Must kooperatiba txikiak antolatu du Bermeoko Udalaren laguntzarekin, eta helburua da Alde Zaharreko orubeak balioan jartzea eta bizitzaz betetzea. 

Dantz Point: Musika elektronikoa itsasoari begira 

Arratsaldean, 18:00etan hasita, Talan jarraituko du jai giroak. Dantz Point ekimena izango da protagonista, eta gauerdira arte luzatuko da, musika elektroniko garaikidearen esperientzia irekia eta doakoa eskainiz. Lehenengo aldiz iritsiko da Dantz Point Bermeora, eta leku paregabean, itsasoari eta inguru naturalari begira, espazioaren eta kulturaren arteko harremana lehenetsiko da. 

Ekimen honen bidez, musika elektronikoa komunitate eta paisaia berrietara hurbiltzen da,” proposamen artistikoen bitartez kulturarako sarbidea eta hiri-paisaiaren eraldaketa sustatuz”. 

Bermeon, bertoko Black Heart taldeak parte hartuko du, ekitaldiari bere ikuspegia eta nortasuna emanez. Agertokian, tokiko talentua eta proiekzio artistikoa uztartuko dira honako hauekin: Gora K, Egoitz, Paul Larrozea eta Furonia. Hartara, talentu lokala eta ondare naturala eta kulturala uztartuko ditu Dantz Point ekimenak. 

Dantz plataformak bultzatutako eta BBKren laguntzarekin gauzatutako proiektu honen bigarren edizioa da, eta horrek indartu egingo du kultura elektronikoaren eta Bizkaiko ondarearen balioaren aldeko apustua. Ekimen hau Gernika-Lumon izan da joan den asteburuan, eta orain Bermeon egingo du geldialdia, musika eta komunitatea uztartzen jarraitzeko. 

Berton Azoka, bi egunez 

Asteburu osorako eskaintzari amaiera emateko, Berton Azoka izango da ikusgai Taraskan eta San Frantzisko elizako klaustroan, zapatuan eta domekan. Azoka honen helburua da herriko komertzioek eskaintzen dituzten kalitatezko zerbitzu eta produktuak herritarrei hurbiltzea, eta herritik irten barik, eskura dauden aukera ugariak eskura eta ikusgarri jartzea. Herriko komertzioez gain, gastrogunea, txikigunea, produktu eta zerbitzuen erakusketak eta zozketak egongo dira, herritar ororentzako esperientzia aberasgarria eta dinamikoa eskainiz. 

Ordutegia honako hau izango da: zapatuan, 11:00etatik 21:00etara, eta domekan, 11:00etatik 16:00etara. 

Kultura zinegotziak gogorarazi du asteburuko jarduera guztiak doakoak izango direla, eta publiko guztiarentzat zabalik egongo direla nabarmendu du: “Jasangarritasuna, espazioekiko errespetua eta komunitatearekiko konpromisoa izango dira ekimen hauen ardatz nagusiak. Bermeok eskaintzen dituen berritasunak ezagutzeko eta jai giroaz gozatzeko aukera ezin hobea izango da, San Juan jaietako suaren bezperetan. Bermeok badu zer erakutsi, eta horretarako gonbidapena luzatzen diegu herritar guztiei: atera kalera, parte hartu eta gozatu gure herriak eskaintzen duen bizitasunaz”.

16 / 06 / 2025

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0